Zuzenbidean Lizentziatu nintzen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Nire ibilbide profesionalaren lehen urteak giza eskubideen alorrari zuzenduta daude, bai formazioan, Nazioarteko Harremanetarako graduondoko diplomarekin, eta baita praktikan ere, nazioarteko erakundeetan parte hartuz.

Aldiz, hurrengo 15 urteak administrazioarekin orokorrean, eta udalekin modu partikularrean, izan dudan harremanarengatik ezaugarritzen dira. Lehenik, hirigintzako abokatu, udalak eta bestelako eragileak aholkatuz bai zuzenbide administratiboan, eta baita hirigintza gaietan ere. Ondoren, Pasaiako Udaleko hirigintza teknikari lanetan. Eta azkenik, Errenteriako alkate 2011-2019 urte bitartean.

2020. urtean, eta jasotako esperientzia guzti hori baliatuz, ibilbide berri bati ekin nion, konkretuki tokiko politikaren eraldaketa bideratzeko aholkularitza martxan jarriz. Helburua, egungo erakundeak egungo erronkei egokitzea da. Izan ere, gizarteak dituen erronka konplexuei erantzuteko politika berriak behar dira, gobernantza eredu berriak eta haiei erantzuteko gai izango diren erakunde berriak.

2020-2021. urteetan “The Art of Business Coaching” programa burutu nuen Rafael Echeverriaren Newfield Consulting Ecore eskolan, Enpresako Coach Ontologiko bezala egiaztatua izanik. Ezagutza hauek, tokiko erakundeetan aplikatuta, lan-taldeak eraldatzea ahalbidetzen dute, tokiko politikak eraldatzeko balio dezakena.