Politika, lidergotza eta zaurgarritasuna

“Herrigintza eta emozioak: Power and Love in Politics” Etorkizuna Eraikizeko jardunaldietan burututako hitzartzea

Hitzartze hau burutu behar nuela esan zidatenean, eta izenburu bat jarri behar nuela, izenburu orokor bat jartzea pentsatu nuen – “Politika, lidergotza eta emozioak” -, ez bainekien zehatz mehatz nondik joango nintzen. Baina orain esango nuke beste izenburu hau jarriko nukeela: “Politika, lidergotza eta zaurgarritasuna”.

Eta hau azaltzeko, politikagintzan izan nuen nire bizitzako episodio batekin hasi nahiko nuke: 2017ko azaroa zen, eta Jon zinegotzia eta ni udaltzaingoko komisaldira gindoazen kotxean, bertan ofizial eta sargentoekin hilero egiten genuen bilkurara. Kotxea aparkatu genuela, eta kotxetik atera baino lehen, “uste dut ez naizela legegintzaldi bukaerara iritsiko, Jon” esan nion. Ez zigun denbora eman hitz egiteko, bilkurara sartu ginelako jarraian. Errenteriako alkatea nintzen orduan, eta 2019ko ekainean bukatu behar nuen mandatua.

Eta zergatik ekartzen dut orain episodio hau hona? Ba uste dudalako adibide ona dela aipatzeko ez direla emozioak ukatzen politikan – beraz ez da hain harrigarria politika eta emozioak terminoak elkarren ondoan jartzea -, emozio batzuk soilik ukatzen direla. Hain zuzen, zaurgarritasunarekin harremana duten emozioak dira tokirik ez dutenak gure politika eta instituziogintzan, hala nola, beldurra, maitasuna, enpatia, etab.

Egun gutxi batzuk beranduago, bulegoan nengoela, gorputz ezinegona sortu zitzaidan. Orain ezingo nuke sentsazio hori deskribatu, baina etxera joan behar nuen halabeharrez. Bihotzekoa emango zidala zirudien, baina ez neukan lasaigarririk, eta paracetamola hartu nuen, ahalegin desesperatu batean, horrek zerbait hobetuko zidalakoan. Antsietate krisia zen.

Hurrengo egunean kanporako bidean nintzen. Herritik atera behar nuen bai ala bai, eta bost egunetarako joan nintzen kanpora. Oso jende gutxik izan zuen horren berri. Nolabait zaurgarri agertzen nintzelako, eta nire buruari esaten niolako batzuek egoera hori aprobetxatu ahal zutela, hobe zela sekretupean mantentzea. Horrelakoa da politika. Azken batean, nola zainduko ditu herritarrak bere burua ondo ez duen alkateak? Zein indar erakus dezake egunerokoari aurre egiteko hain ahul agertzen denak?

Bi hilabete pasatu nituen horrela, tartean gabonak. Bi udalbatzetara joan nintzen, eta baita “Amnistiaren aldeko astean hildako eta zaurituei” egin genien aitortza ekitaldira. Ez nuen beste ezertan parte hartu, eta hala ere kosta zitzaidan bertaratzea, eta gehiago jendearen aurrean ezer gertatuko ez balitz bezala agertzea. Bi hilabeteren ondoren bueltatu nintzen nire egunerokora. Denbora gehiago beharko nuke – gutxienez 6 hilabete behar direla aipatzen da -, baina nola mantendu hainbeste denboran sekretua?

Eta zergatik ekartzen dut orain episodio hau hona? Ba uste dudalako adibide ona dela aipatzeko ez direla emozioak ukatzen politikan – beraz ez da hain harrigarria politika eta emozioak terminoak elkarren ondoan jartzea -, emozio batzuk soilik ukatzen direla. Hain zuzen, zaurgarritasunarekin harremana duten emozioak dira tokirik ez dutenak gure politika eta instituziogintzan, hala nola, beldurra, maitasuna, enpatia, etab. Zalantzarik gabe, aipatu dudan episodio horrek asko edukiko du nik errealitatearen inguruan nuen iritziarekin, eta agian ez hainbeste errealitatea berarekin, baina uste dut zerbait gerturatzen zaiola.

Daniel Golemanek zioen “haur mutilak, 6 urte betetzen dituztenerako, beraien emozioak gordetzen ikasi dutela”. Baina ez emozio guztiak, haserrea eta gorrotoa sentimendu legitimo bezala hartuak izan direlako gizonezkoentzat. Eta esango nuke horrela gertatzen dela politikagintzan: haserrea eta gorrotoa oso presente daudela, baina ez berriz bestelako emozioak, hala nola, maitasuna, enpatia, etab. Eguneroko berriak irakurtzea besterik ez dago horretaz konturatzeko. Eta hau horrela bada, esango nuke ondorio argi batekin hasi behar dudala nire hitzartzea, oso ezaguna den ondorio batekin: gure politikagintza eta instituzioak oso maskulinizatutako egiturak dira.

Perspektiba horretatik heldu nahiko nioke nik gaur gaiari. Izan ere, galdera bat jarri da mahai gainean gaurko saioan: “nola landu enpatia, emozioak eta maitasuna bezalako aspektuak politikagintzan?”. Eta galdera horri erantzunez esango nuke, liderrak eraldatuz, sistema eraldatu ahal izateko. Eta perspektiba horretatik helduta azterketa objektua ez da jendartea, liderra baizik. Alegia, zein eraldaketa pertsonal behar dute liderrek lidergotza mota berrien aurrean aurki gaitezen?

Beraz, arrazoia erabiltzen dugu hein handi batean zaurgarritasuna ukatzeko, edo gordetzeko. Eta horrela eraiki dugu herrigintza eta politikagintza ere maila handi batean, hau da, egietan oinarrituta, egi bat bestearen gainean, edo egi bat besteari aurre eginda.

Nire hitzartzearen lehen zatian maskulinitate hegemoniko eta zaurgarritasunarekin lotutako zenbait aspektutan sartu nahiko nuke, lantzen ari garen gaiarekin harremana dutelako. Jarraian saiatuko naiz adierazten zein baldintzatzaileak izan daitezkeen aspektu horiek politikatik egungo gizartearen konplexutasun eta erronkei erantzun ahal izateko. Lankidetza mota berriak behar ditugu, eta hori gerta dadin, ezinbestekoa izango da lankidetza forma berri horien arrakasta eragozten duten elementu baldintzatzaileak gure gainetik kentzea.

Zalantzarik gabe ni gai honetan ez naiz aditua, eta beraz aldez aurretik barkamena eskatzen dut zerbaitean nahasten banaiz. Baina nik nire esperientzia pertsonaletik hitz egingo dut. Alkate izan nintzen garaiko esperientziatik, eta ondoren nire barrura egin dudan prozesu sakon baten ondorioetatik, nire maskulinitate propioa ere ukitu duena, eta baita nire zaurgarritasunarekiko beldurra ere.

Zaurgarritasuna, sentimendu ukatua

Maskulinitatea oposizioan eraikitzen dela dio Elizabeth Badinterrek. Ez den horretaz eraikitzen da, den horretaz baino. Gizonezkoa izatea, femenino izatearen ukatzean eraikitzen da. Eta horrela, esaten da besteei hiru gauza sinistarazi nahi dizkiela gizonak: ez dela emakumea, ez dela umea eta ez dela homosexuala. Feminitatea zaurgarritasunarekin lotu du maskulinitate hegemonikoak, eta horren kontra jardun du etengabe.

Eta ikuspegi hau bera gizarteko egitura ezberdinetara trasladatu ahalko genuke. Frederick Laloux aholkulari eta adituak dio enpresa askotara doazen langileak etxetik ateratzean maskara bat jartzen dutela, beraietaz espero den horren maskara bat, bere benetazkotasuna gordetzen duena. Horrek esan nahi du “erakutsi beharra dagoela determinazio maskulinoa eta indarra, eta zalantzak eta zaurgarritasuna gorde behar direla”.

Hori bera gertatzen da politikagintza eta herrigintzan ere. Determinazio maskulinoa eta indarra erakutsi beharra dago, eta zalantzak eta zaurgarritasuna alboratu. Testuinguru horretan zaurgarritasunarekin lotura duten emozioek ez dute tokirik izango.

Jo dezagun lan-talde batekin lanean ari garela, saio batera joan eta esango bagenu “gaur emozioak landuko ditugu”. Une horretan gorputzak tentsionatu egingo lirateke, aulkietan mugitzen hasi, eta batzun batzuek ahoz ere azalduko dute deserosotasuna. Esango nuke tentsionatzen gaituena gure zaurgarritasuna agertzea dela, aurreikusia ez genuen espazio batean, gordeta ditugun espazioetatik haratago. Hau da, arduratzen gaitu garena agertzea, gure maskara horretatik haratago.

Arrazoia vs. zaurgarritasuna

Arrazoia, maskulinitate hegemonikoa determinatzen duen beste hitz gakoetako bat da. Arrazoiek, edo egiek, ustezko seguritate bat ematen digute. Emozioak eta gorputzak berriz, kontrolatzea zailagoa den eremu batetara garamatzate.

Humberto Maturanak honakoa zioen: “No es cierto que los seres humanos somos seres racionales por excelencia. Somos, como mamíferos, seres emocionales que usamos la razón para justificar u ocultar las emociones en las cuales se dan nuestras acciones.”

Beraz, arrazoia erabiltzen dugu hein handi batean zaurgarritasuna ukatzeko, edo gordetzeko. Eta horrela eraiki dugu herrigintza eta politikagintza ere maila handi batean, hau da, egietan oinarrituta, egi bat bestearen gainean, edo egi bat besteari aurre eginda. Nietzschek kritikatu egin zuen Aristotelesen metafisikak egiaren inguruan zuen ikuskera. Nietzscherentzako ez dago egiarik pertsonaren eremutik kanpo, hau da, “ez dakigu egia nolakoa den, soilik hura nola interpretatzen dugun dakigu” – Rafael Echeverría -. “Ez ditugu gauzak diren modukoak ikusten, gu garen modukoak baizik” dio judutarren Talmudak.

Beraz, eta ikuskera hau onartuko bagenu, egia aldakorra dela esango genuke, errealitatea gure interpretazioen mundu bat dela. Eta orduan, nola jakin zein interpretaziori egin kasu? Ba Nietzschek interpretazioen boterean jartzen du jopuntua. Interpretazio horiek eraldaketarako aukera ematen digutenean, boteretsuak direla esango genuke. Berriz, errealitatearen inguruan egiten ditugun interpretazioak eraldaketarako aukerak ixten dizkigunean, ez lirateke boteretsuak izango.

Era berean, ikuskera honek, hain aldakorrak diren garai hauetan mentalitate berri baterako aukera emango liguke. Bere bizitza egietan eraikitzen duenak, zailki garatu ahal izango duelako garai hauetan aldakorra behar duen mentalitatea.

Boterea vs. zaurgarritasuna

Michael Kaufmanek dio “gizon izatea botere maila bat edukitzearekin lotzen dela”. Eta botereaz hitz egiten dugunean, halabeharrez, kontrolaz hitz egiten ari gara, Kaufmanek dion bezala, gauzekiko eta pertsonekiko dugun kontrola. Gizonezkook txikitatik ikasi dugu botere eta kontrol maila bat izaten, horrek pribilegioak ematen dizkigulako.

Zentzu honetan, boterea eta arrazoia oso lotuta dauden bi elementu dira. Arrazoia gure kontrolpean geratzen den elementua da, ez berriz emozioa. Emozioan sartuz gero, gure kontrolpetik atera daitekeen gune batera bidaiatzen ari gara. Eta kontrolatzen ez dugunean zaurgarri agertu gaitezke ere.

Baina nire esperientziatik, bai politikagintzan bildutakoa edo oraingoa, uste dut normalean baino sakontasun handiagoa duten elkarrizketatara iristeko gai bagara, zaurgarritasuna ukitzen dugula, eta hori gertatzen denean dimentsio humanoa agertzen dela, maskara erori egiten dela, eta espazio berri batera bidaiatzen da, eraldaketak posible egiten dituen espazio berri batera.

Lehenago kontatu dudan episodio pertsonal horri helduko bagenio, nire antsietate krisiaren arrazoietako bat (izan ziren gehiago) nire kontrol nahiarekin lotuta zegoen. Kontua da, justu une horretan nire kontrolpetik ihes egiten zidaten bi gai korapilatsu eta sakon izan nituela, kudeaketa arruntari zegozkionak, baina delikatuak ziren gaiak. Kontrolatu ahal ez izate horrek antsietatea sorrarazi zidan.

Eta horrela egituratu da politikagintza eta herrigintza ere, botere eta kontrol logika batean. Eta logika horretatik, nola onartzen ditu botereak lankidetzazko gobernantzak eskatzen dituen botere partekatzeak? Asumitzen dugu eragile ezberdinekin burutzen den prozesu hauetan emaitzak ezin ditugula kontrolatu? Nola eragiten du horrek liderrek prozesua bizitzeko duten moduan? Nola daramagu gure bizitzan gauzen kontrola ez izatea?

Lankidetzazko gobernantza eta emozioak

Honaino lehenago aipatutako hiru ideiak: zaurgarritasuna, arrazoia eta boterea. Goazen orain beraz aztertzea zein eragina duten ideia horiek egungo testuinguruaren konplexutasunari erantzuteko moduetan, edo lankidetzazko gobernantzan.

Ideia zabaldua da gaur egun ezinbestekoa izango dela eragile ezberdinen arteko lankidetza, hau da, erronkak hain konplexuak izanik ezingo zaiela soilik administraziotik erantzuna eman. Hori horrela bada, eragile ezberdinak biltzen dituzten gune horiek nola garatzen, edo eragileak nola harremantzen diren garrantzi berezia hartzen du. Beraz, esan genezake lidergotza gero eta hurrutiago geratuko dela garai batean ulertzen genuen lidergotza karismatiko horretatik, eta gero eta gertuago egongo dela eragile ezberdinak konektatzeko duen gaitasunetik.

Eta hemen zaurgarritasunaren presentziaren garrantzia aipatu nahiko nuke, honi oda eginez, bereziki hain pentsamendu ezberdinak topatzen diren espazioetan. Hau ulertzeko adibide bat jarriko dut:

Errenterian gertatutako bizikidetza prozesuaz hitzegin izan da maiz. Prozesu horretan publiko agertu zenaz haratago, determinantea izan zen zerbait gertatu zen. Elkarrizketa foro bat egon zen, diskrezioz bildu zena, eta oso pentsamendu eta bizipen ezberdinetako pertsonak bildu zituena. Foro horretan, momentu hunkigarriak bizitu izan ziren. Bere familiari ere azaldu ez zizkioten beldur eta bizipenak azaldu zituzten batzuek foro horretan. Negar malkoak ikusi genituen. Zaurgarritasuna bere espresio gordinean ikusi genuen. Eta zaurgarritasuna agertzen denean, pertsonaren sakontasuna agertzen da. Horrek lotu ginduen, eta horrek egin zuen posible ondoren etorri zen guztia.

Ez nuke nahi mimetikoki prozesu honen moduak egungo erronkei erantzuteko beharrezkoak diren prozesuei trasladatzea. Jakitun naiz bere sakontasuna ezin dela konparatu. Baina nire esperientziatik, bai politikagintzan bildutakoa edo oraingoa, uste dut normalean baino sakontasun handiagoa duten elkarrizketatara iristeko gai bagara, zaurgarritasuna ukitzen dugula, eta hori gertatzen denean dimentsio humanoa agertzen dela, maskara erori egiten dela, eta espazio berri batera bidaiatzen da, eraldaketak posible egiten dituen espazio berri batera. Azken batean, diferentziak diferentzia, zaurgarritasunak batzen gaituelako.

Espazio berri hauek gure egiak kuestionatzeko aukera ematen digute, eta egi berrietara irekitzeko aukera. Emozioak presentzia handiagoa hartzen duenean, arrazoiak bere indarra galtzen du, eta adostasunetarako aukerak handitu egiten dira, gehiago oraindik lehen esan bezala onartzen badugu errealitatea soilik gure interpretazioen mundua dela. Horrek gure egiak une batez albo batera uztea errazagoa egiten du, elkarrizketa boteretsuagoak sortuz, elkar aitortzan oinarritzen direnak. Eta uste dut, prozesu hauetatik etorriko diren egiak izango direla benetan botere eraldatzaile handiagoa izango dutenak, egungo gizartearen erronka konplexuei erantzuteko gai izango direnak. Baina horretarako,  gure beldur propioak uxatu beharko ditugu. Izan ere, askotan maitasunera edo enpatiara irekitzea eragozten digun emozioa beldurra delako, zaurgarri izateko dugun beldurra, edo arrazoiak eskeintzen digun botere edo kontrola galtzeko beldurra.

Saio hau publiko egin zenean, Igor Ahedo irakasleak txio bat bidali zuen eta Humberto Maturanaren honako esaldi bat gogorarazi zidan, eta horrekin bukatu nahiko nuke: “Cuando hablo de amor no hablo de un sentimiento ni hablo de bondad o sugiriendo generosidad. Cuando hablo de amor hablo de un fenómeno biológico, hablo de la emoción que especifica el dominio de acciones en las cuales los sistemas vivientes coordinan sus acciones de un modo que trae como consecuencia la aceptación mutua, y sostengo que tal operación constituye los fenómenos sociales.”

Politika, lidergotza eta zaurgarritasuna