Finean, herri hezitzaile bat behar dugula. Guztion artean eraiki behar degun herri hezitzailea. Publikotasunean oinarritua, hezkuntza komunitatea indartuko duena, gizarte honen erronka garrantzitsuei erantzungo diena, eta euskalduna eta parekidea izango dena. Ea ba gure buruari begiratzen diogun, elkarren artean hitzegiten hasten garen, eta eredu berri eta BAKAR bat eraikitzeko gai garen.

Egunon guztioi, eta mila esker gaur hona gerturatzeagatik. Eskerrik asko, eskola publikoko komunitateko kideei, eta mila esker ere, eskola publikoko komunitateko kide izan ez baina gaur hona gerturatu zaretenoi, kalitatezkoa eta euskalduna izan behar duen Euskal Eskola Publikoaren alde.
Duela gutxi egin genuen festaren egitarauaren aurkezpenean esan nuen gustatuko litzaidakeela gaurko festa batasunaren festa izatea, eta era berean hausnarketarako festa ere. Batasunarena, uste dudalako hezkuntzak, eta gure herriak, hori behar duela. Egun gai honen inguruan dugun zatiketa gainditzea ezinbestekoa delako, urgentea, premiazkoa.
Eta hausnarketarako festa ere, hezkuntza eredu berri bat behar duelako urgentziz gure herriak. Eredu bakarra, guztiok bilduko gaituena, ezinbestean, gizarte aldakor honen erronka handiei erantzungo diena. Egungo eredua agortuta dagoelako, ez duelako balio gizarte anitz honi erantzuteko, beharrezkoa dugulako aniztasunean euskaraz biziko den hezkuntza eredu integral bat. Eta hori guztiok batera eraiki beharko degu. Elkarren beharra dugulako, batzuek besteek gabe, ezin izango dugulako gizarte honen erronkei erantzun.

Hori da gure herrian ere egiten saiatzen ari garena. Duela jada denbora batetik hona, gure herriak dituen ikastetxe ezberdinak, publikoak nahiz kontzertatuak, elkarrekin ari dira ibilbide batean. Helburua, gizarte honek eta hezkuntzak dituen erronka zail hauei modu bateratuan erantzutea da, bakarka ezin delako. Horrela sortu zen “Aniztasunean zubiak eraikiz” egitasmoa, ikastetxe guztietako ikasleak batu eta elkarrekin jartzen zituena. Helburua, beraien arteko harremana sustatzea zen. Helburu honekin egin da ere gure herrian hezkuntza diagnostikoa. Eta irailetik honaino ikastetxe guztiak prozesu batean sartuta daude, gure hezkuntzak eta herriak dituen erronka nagusienak identifikatu, lehenetsi, eta horiei erantzuteko behar diren neurriak hartzeko lanean.

Batasuna eta hausnarketa. Hausnarketa behar dugulako. Eredu hau agortuta dagoelako eta ez delako gai gure hezkuntzak eta gure gizarteak dituen erronkei erantzuteko. Eta batasuna, soilik guztiak batuta sor dezakegulako proiektu berri bat, integrala eta integratzailea, euskara izango duena herri hau osatzen duten identitate ezberdinen elementu kohesionatzaile. Ez dagoela beste modurik. Gure seme-alabek merezi dutela, herri berri bat merezi dutelako, “etorkizuna orainean prestatzen diren horiei dagokielako”.

Nik bi seme ditut, eta nire bikoteak eta nik bere momentuan erabaki genuen gure semeak euskal eskola publikoan matrikulatzea. Eta orain hemen daude, Koldo Mitxelenako ikastetxean. Arrazoi ezberdinak izan genituen gure hautua hartzeko, baina esango nuke bazegoela bat bereziki gailentzen zena, horretara bultza gintuena. Pentsatzen genuen gure semeek gizarte honen aniztasunean bizi behar zutela, edo bizitzen ikasi behar zutela. Ez ginen konturatu ordea, guri ere, eskolak, aniztasun horretan bizitzea erakutsi digula. Pentsatu genuen euskara zabaltzea nahi bagenuen, indartzea, euskarak zailagoa zuen tokietan egon behar genuela. Eta bagenekien zein zen arriskua, eta arduratzen gintuen, baina ez genuen zalantzarik izan. Hori bai, horrek gure semeen heziketan inplikazioa handitzera eraman gintuen, eta horrekin ere pozik gaude.

Baina ni ere Ikastolako semea naiz. Ikastolan aritu nintzen 18 urte bete nituen arte. Ikastolari zor diot gaur egun naizenaren parte handi bat. Baloreak, pentsamenduak, euskara…. Bertatik jaso dut ikastetxeen autonomiaren garrantzia. Edo proiektu hezitzaileetan gurasoen partehartzeak duen garrantzia. Edo ikastetxea bere inguruneko errealitatearekin txertatzea duen garrantzia. Ezin dut nire bizitza Ikastolaren ekarpenik gabe baloratu, eta ezin dut ezta ere herri hau Ikastolaren ekarpenik gabe pentsatu. Handia izan delako, eta delako ere, Ikastolak egiten duen ekarpena.

Eta bisitatu ditut beste ikastetxe batzuk ere alkate izan naizen bitartean. Eta gustatu zaizkit zituzten hezkuntza proiektuak, eta baita ere irakaslegoaren inplikazio erabatekoa. Eta eskertu dut ere herri honi egiten dioten ekarpena.

Nire bi semeekin bizi dudan errealitateak eramaten nau pentsatzera premiazkoa dela egun dugun hezkuntza eredua aldatzea. Dagoeneko arazoak ditugulako, eta egoera garaiz aldatzen ez badugu, arazoak izugarriak izango direlako, ez soilik gure hezkuntza sisteman, baizik eta baita gure gizartean ere.

Uste dut baditugula esperientzia ezanguratsuak hezkuntza proiektu on baterako ikastetxeen autonomia zein garrantzitsua den erakusten dutenak. Oso garrantzitsua da ikastetxe bakoitzeko hezkuntza proiektuak tokiko errealitate eta beharrei erantzutea. Eta garrantzitsua da ere horretarako, udalek hezkuntza alorrean eskumen gehiago izatea, ez bakarrik ikastetxeen mantentze lanetan, baizik eta baita irakaskuntza alorrean ere.

Finean, herri hezitzaile bat behar dugula. Guztion artean eraiki behar degun herri hezitzailea. Publikotasunean oinarritua, hezkuntza komunitatea indartuko duena, gizarte honen erronka garrantzitsuei erantzungo diena, eta euskalduna eta parekidea izango dena. Ea ba gure buruari begiratzen diogun, elkarren artean hitzegiten hasten garen, eta eredu berri eta BAKAR bat eraikitzeko gai garen.

Bukatu nahiko nuke Koldo Mitxelenako komunitate osoari nire eskerrik beroenak emanez. Sinistuta nago hezkuntzan zerbait aldatuko bada zuek egin duzuen moduan izango dela. Orduak pasa dituzue, ordu asko, bai festa honen antolaketan eta baita ere bestelako ekimenetan ere. Eta benetan bihotzez eskertzen dizuet, ez delako soilik zuen seme alabengatik egiten dezuen zerbait, baizik eta gizarte honi ekarpen izugarria egiten diozuelako.

Eskerrik asko ere, gure herriko eta eskualdeko ikastetxe publikoetako komunitateari, urte osoan zehar eta gaurko egunean ere emandako laguntzagatik.

Eskerrak ere eman nahi dizkiot ere EHIGEri, gure herria aukeratu izanagatik festa honetarako. Eskerrik asko ere egiten duzuen lan guztiarengatik.
Mila esker bihotz bihotzez eta disfrutatu gaurko jaiaz, merezi duzue eta.

Beste hezkuntza eredu baten alde

Sarreren nabigazioa