COVID garaiak lehenagotik ere bagenekiena baieztatu du: aldaketa jada ez dela etengabekoa, aldaketa jada aldatu egin dela. Gizartean gertatzen diren mugimenduen abiadurak, edo/eta gizarteko aldaketen abiadurek politika berritzaileak eskatzen dituzte, eta bereziki, egoera berrietara etengabe egokitzen jakingo duten estrategia eta planifikazioak.

Baina hori posible egiteko beharrezkoa izango da estrategia eta planifikazioak erakunde osoak eraikitzea, hau da, ez soilik lidergotza politikoa izango duten pertsonek. Beharrezkoa izango da erakundeko gainerako teknikari eta langileak ere eginkizun horretan parte hartzea. Izan ere, garrantzitsua baita estrategia eta planifikazioak tokiko erakundeen funtzionamenduan txertatzea, eta era berean egoera berrien arabera aldatzeko gaitasuna izatea.

Bide horretan, tresna eta metodologia berriak erabiliz, erakunde ezberdinei estrategia eta planifikazio berriak garatzen laguntzea da aholkularitza honen helburua. Gizarteko erronkak identifikatu, eta helburuak eta sistemak zehaztea. Eta hori, elkarlan tekniko-politikoa ahalbidetuko duten guneak sortuz egiten da.