Baina noski, guztia ez zen txuria ala beltza, nahiz eta debate publikoetan edo sare sozialetan guztia horrela irudikatu. Eta seguraski ni neu ere joko horretan ibili naiz, batean edo bestean kokatuz. Eta horrelakoa uste dut izaten ari dela gizarte honen debatea, txuri beltzekoa, trintxeretakoa.

Aitortzen dut. Krisi honen hasieran, COVID-19a Txinan zegoela ikusten genuenean, ni eszeptiko horietako bat nintzen. Hegazti-gripeak bere momentuan erakutsi zigunaren ondorioz edo, ez nion sinesgarritasun handiegirik eman larritasunari. Farmazeutikak, estatu interesak…. nire deskonfiantza argudiatzeko banituen arrazoiak nonahi horietako bat hartu nahi izanez gero. Deskonfiantza guztiarengan, baita Munduko Osasun Erakundean ere.

Bat-batean, kazetari batzuei esker, egoeraren larritasunaren kontzientzia hartzera pasatu nintzen, eta horrekin batera, jarrera erradikalenetarikoa izatera ere, erabateko konfinamenduaren alde agertuz, baita oinarrizkoa ez den jarduera ekonomikoa gelditzea eskatuz ere. Eta horretarako Munduko Osasun Erakundearen gomendioak jarraitzen nituen oraingoan, hau da, apenas aste batzuk lehenago sinesgarritasunik ematen ez nion erakunde horren gomendioak. Jarraitzen nuen pentsatzen farmazeutika edo estatu interesetan, edo interes ekonomikoetan, baina orain neurriak hartzea tokatzen zen.

Baina noski, guztia ez zen txuria ala beltza, nahiz eta debate publikoetan edo sare sozialetan guztia horrela irudikatu. Eta seguraski ni neu ere joko horretan ibili naiz, batean edo bestean kokatuz. Eta horrelakoa uste dut izaten ari dela gizarte honen debatea, txuri beltzekoa, trintxeretakoa.

Oinarrizkoa ez den jarduera ekonomikoa ixtearen alde agertuz gero, ez omen gara ekonomiaz edo lanaz arduratzen, ez omen gara arduratsuak, hippiesmoa omen gara. Omen, soilik ekonomiaz dakitenek hitz egin dezakete, eta horien artean ez dira sartzen adibidez unibertsitateko irakasle batzuk, baizik eta ekonomia kudeatzen duten batzuen batzuk soilik. Horren adibide Europako beste herrialde batzuk aipatzen dira, baina ahaztu beste batzuk.

Eta berriz industriak ez ixtearen alde agertuz gero, enpresari gupidagabe batzuen interesak soilik defendatzen omen dira, langileen interesen kontra. Enpresariak gorputz bakar gisa hartzen omen dira, gehientsuenak berdinak bailiran, eta ez omen zaie langileen osasuna inporta. Dirua soilik inporta zaie.

Herri honetan ez dira enpresen ordezkariak, ordezkari sindikalak, politikoak eta instituzioak mahai baten bueltan bildu, hartu beharreko erabakiak hartzeko, ahal zen neurrian adostasunez hartzeko, eta gero zegokion tokian defendatzeko. Eta egongo da esaten duenik ezinezkoa dela adostasunak lortzea, klase borroka dela hau eta interes kontrajarriak daudela. Eta liteke horrela izatea, seguraski, baina saiatu ere ez gara egin.

Eta gero ere egon dira bestelako debateak. Haurren kaleratzearena kasu. Oraindik goiz zela pentsatzen zutenek edo beste lehentasun batzuk zeudela, ez omen zuten haurren eskubideez ulertzen. Europako beste herrialdeak ikustea besterik ez zegoen, haurrak ateratzen ziren tokietakoa. Orain ere berriro beste herrialdeak adibide.

Eta haurrak ateratzearen alde agertuz gero, ez omen zen haurrengatik egiten, baizik eta gurasoen beharrengatik. Eta gero ateratzean gainera arduragabekeria erakutsi omen dute gehientsuenek. Horrelakoa omen da gure gizartea.

Eta horrela jarraitu daiteke debate eternoetan. Instituzioek ez omen dute herritarrengan konfiantzarik, baina herritarrek ez dute konfiantzarik instituzioetan. Argazki baten bueltan milaka txio idatzi daitezke, faltsua edo benetakoa den argitzeko asmoz, eta azkenean, komunikabide batzuek argazkiaren nondik norakoak azaltzen dituztenean, modu sinesgarri batean, orduan ezagutzen ez dugun argazkilariaren intentzioen debatean sartu gaitezke. Edo jarritako ordutegien inguruan, edo udalerrien mugen inguruan, etab. Kuadrilarekin edo etxean hitz egingo genukeen modu berean aritzen gara sare sozialetan, inondik inora emankorrak ez diren debateak sortuz. Arrazoia omen dugu, eta besteak berriz ez.

Azken egun hauetan guztien ahotan dagoen galdera honakoa da: aldatuko al da gure gizartea? Komunitateaz hitz egiten den honetan, berreskuratuko al dugu kolektiboaren garrantzi eta beharra? Izan ere, dirudi nahiko zabaldua dagoela horrela jarraitu ezin genuenaren pentsamendua. Baina hori esaten dugunean sentsazioa dut besteak jartzen ditugula horren erantzule. Gu ez omen ginen gizarte mota horren logiketan erori. Besteak dira indibidualismoan erori direnak, komunitatean pentsatzen ez dutenak. Twitterren edo beste tokietan, beti dira besteak.

Joseba Sarrionaindiak honakoa dio: “komunitate batek, elkartasun minimo bat mantendu nahi badu, hitzak konpartitu behar ditu: elkar entenditzeko moduko hizkera landu behar du”. Komunitatea eraikiko badugu, hitzak konpartitu behar ditugu. Eta horrek ez du esan nahi desadostasunak agertu behar ez direnik, eta ezta guztiok guztiarekin ados egon behar dugunik. Nire iritziz, horrek gauza bat soilik eskatzen du: trintxeretatik ateratzea. Zu eta ni horretatik atera, eta gu horretara igarotzea.

Eta nik… zer egin dut?

Sarreren nabigazioa