Aro digitalak gure gizartearen ikuskera eta funtzionamendu moduak eraldatu ditu, eta baita politika eta administrazioarenak ere. Aurreikus dezakegu gainera, etorkizunean egoera hau areagotu egingo dela, Gaur egun, administrazioa ez da gai gizarte aldakor honen erronka nagusiei erantzuteko, eta esan genezake askotan ere atzetik doala.

Digitalizazioa, krisi klimatikoa, zaintza, gizarte konplexua…. handiegiak dira gizarte honek dituen erronkak administrazioek bere kabuz eta bakarrik erantzuteko. Elkarlana ezinbestekoa bihurtzen da egungo gizartean, elkarlana erakunde publiko eta bestelako eragileen artean. Eta horretarako gobernantza eredu berriak eraiki behar dira, modu kooperatibo edo kolaboratiboetan.

Herritarren partehartzearen paradigma aldaketa beharrezkoa da. Jada ez da nahikoa politika publikoen definizioan herritarrei partehartzeko aukera ematearekin. Orain beharrezkoa izango da ko-sorkuntza bultzatzea, elkarrekin eraikitzea, bakoitza bere eremutik baina estrategia oso bati erantzunez, narratiba berriak eraikiz. Izan ere, ezinezkoa baita krisi klimatikoari soilik erakunde publikoetatik erantzutea, edo zaintzari, edo hezkuntzari, etab. Beraz, ko-sorkuntza beharrezkoa izango da, baina horrekin batera kudeaketa eraginkorra ere. Administrazioak eraldatu behar ditugu, eta gobernantza ereduak ere, horretarako beharrezkoak diren prozesuen bitartez.