Jarri ditzagun orain emaitza hauek azken hamarkadako emaitzekin harremanetan, eta aztertu dezagun aldaketa soziologikorik gertatu ote den. Bide honetan, esango nuke bi bloke nagusiak mantendu egiten direla, ez direla aldatzen: batetik EAJ/PNV eta PSE-EE blokea, EAEko erakunde guztietan koalizioan doana; eta bestetik EHBildu eta Elkarrekin Podemos blokea, udal batzuetan gobernu koalizioan doazenak.
Beti iruditu izan zait hauteskunde emaitzen azterketa interesgarriena aldaketa soziologikoak aztertzen dituena dela. Momentuko azterketetatik haratago, eserlekuetatik haratago, gobernagarritasunetik haratago, interesatu izan zaidana hauteskunde emaitzen azterketa sekuentziala egitea izan da, bata bestearen ondorengoa. Izan ere, hauteskunde baten emaitzek ekarri dezaketen aldaketa hegemoniko elektorala ez dute zertan derrigorrez aldaketa hegemoniko kultural eta soziologikorik ekarri behar. Eta pasa berri diren hauteskundeak esango nuke hamarraldi bat ixten dutela, 2011. urtean hasi eta gaurdaino iraun duena.
EAJ/PNV-k irabazi ditu berriro ere, eta onartu behar zaio hainbeste urteetan hauteskundeak irabaztearen meritua. Izan ditu tartean De Miguel bezalako auziak, edo Zaldibarreko kudeaketa, edo baita pandemian zehar sortutako polemikak. Eta galdu ditu bozkak, 48.732 hain justu, baina lortu ditu eserlekuak, zehazki 3 gehiago. Emaitza historikoa batzuen ustez, eta PSE-EEren emaitzak ikusita (egoerari eutsi dio) dirudi gobernu koalizioa mantenduko dutela bi alderdiek.
Bigarren indarra EHBildu da, EAJ/PNV-tik gero eta gertuago, baina urrun oraindik. Emaitza oso onak jaso ditu, eta abstentzioa igo denean, eta gainontzeko alderdi guztiak jaitsi, EHBilduk 23.516 bozka gehiago lortu ditu, baina oraindik 100.000 bozka beharko ditu EAJ/PNVri irabazteko. Araban igotzen da gehien, bigarren indar bihurtzeraino. Pentsaezina apenas duela urte gutxi batzuk. Baina Bizkaian ere egiten du nabarmen aurrera, lehen indarrarekiko aldea gutxituz. Gipuzkoa da gutxien igo den lurraldea, baina hala ere igo ditu bere bozkak.
Egoera oso bestelakoa da Elkarrekin Podemosentzat. % 54ko galerarekin 71.759 bozka kopurura igaro da. Ezker Batuaren garai onen azpitik kokatzen da Elkarrekin Podemosek atera duen emaitza, eta arriskua du Ezker Batuaren bide bera jarraitzeko. Izan ere, politika gero eta aldakorragoa eta likidoagoa bada ere, bada elektoralki marra bat, minimo bat, behin igaroz gero atzera bueltarik ez duena. Boto-eraginkortasunaz ari gara, bozka emaileak sentitu behar duen boto-eraginkortasunaz, bere bozkak zerbait aldatu dezakeenaren sinesmena. Eta bozka kopuru batetik behera hori galdu egiten da. Uste dut marra horretatik gertu dagoela Elkarrekin Podemos.
Jarri ditzagun orain emaitza hauek azken hamarkadako emaitzekin harremanetan, eta aztertu dezagun aldaketa soziologikorik gertatu ote den. Bide honetan, esango nuke bi bloke nagusiak mantendu egiten direla, ez direla aldatzen: batetik EAJ/PNV eta PSE-EE blokea, EAEko erakunde guztietan koalizioan doana, eta bozken % 50 inguruan kokatuta dagoena; eta bestetik EHBildu eta Elkarrekin Podemos blokea, udal batzuetan gobernu koalizioan doazenak, eta bozken % 35a inguru jasotzen duena. Ez dira ia aldatu azken hamarraldian, eta aldatu badira EAJ/PNV-PSE-EE blokearen mesedetan izan da. Hori gertatu da azken emaitzetan, 2016ko hauteskundeekin alderatuz EAJ/PNV-PSE-EE blokeak bozken % 10,16a galdu du, eta EHBildu – Podemos blokeak berriz % 19,23a.
EHBilduk atera dituen bozkak hartu, eta abstentzioa kontuan hartuta, esango nuke EHBilduk bere garai onenetako bozka kopuruetan kokatzen dela, 2012ko hauteskunde autonomikoko bozketan. Hau horrela, EHBildu eta Elkarrekin Podemosen artean 2011. urtetik hona boto transmisioa dagoela esango nuke. EHBilduk indarra galdu duenean Elkarrekin Podemosek irabazi du, eta orain Elkarrekin Podemosek indarra galdu duela EHBilduk irabazi du. Baina finean, blokeak mantendu egiten dira.
Ez dago zalantzarik EHBildu egoera oso onean dagoela lehen indarra izateko lehian sartzeko. Hiru urte ditu horretarako. Baina hori lortzeko 2011. urtetik aldatu ez diren bloke estatikoak gainditzeko gai izan beharko du. Elkarrekin Podemosen oinarri soziologikoetatik baino, espazio soziologiko berrietatik jaso beharko du EHBilduk, alternatiba izan nahi badu behintzat. Eta horretan jarrita, Bilbo Handian nagusitasun handiagoa lortu beharko du, egun oraindik ez duena. Eta horretarako, narratiba berriak eraiki beharko ditu, etorkizunekoak baina iragana kontuan hartuko dutenak, iraganeko banaketak gaindituko dituenak, anitzak izango direnak. Sinesgarritasuna irabazi beharra du oraindik gizarteko sektore batzuetan. Eta sinesgarritasunarekin batera, segurtasuna ere. Herritarrek segurtasuna eskatzen dute bereziki une hauetan politikan, eta ezkerrak hori lortu ezean zaila du espazio berrietara zabaltzea.
Eta espazio soziologiko berri horiek ziur aski zer ikusia izango dute klase sozialekin. Thomas Piketty ekonomialariak dio mendebaldeko gizartetan ezkerreko alderdiek ez dituztela dagoeneko klase popularrak ordezkatzen, ezkerreko unibertsitarioak baizik. Klase popularren interesak defendatu nahi izaten dira askotan, baina klase popularrik gabe. Hor izango du seguraski EHBilduk erronkarik handiena, ahaztu gabe bloke horrek indartu behar badu Elkarrekin Podemosekin ere izan beharko duela, nahiz eta gero akordio anitzak gerta litezkeen herri proiektuen eraikuntzan, baita lehiatzen ari diren alderdi horiekin ere.
Momentu zaila pasa du EAJ/PNV-k, eta gainditu ere. Horretan erakusten du bere gaitasuna. Duela gutxi Xabier Barandiaranek iritzi artikulu batean zioen EAJ/PNV-k oraindik ez duela oposizio sendorik. Eta oposizio sendoak ez du zertan kontrako oposizioa izan behar. Norbaitek EAJ/PNV boteretik kendu nahi badu logika elektoraletatik baino herri proiektu eta programetatik egin beharko du. “Programa, programa eta programa”. Alternatiba sendoak eraiki, eta herri proiektu eraldatzaileak sortu, ekonomiatik, hezkuntzatik, gizartetik…. lehenago aipatutako gizarte sektore anitz hori eraikitzeko balioko duena. Azken batean, narratiba berria sortu, anitza eta zabala.