Birus honek, beste adierazpen askoren artean honakoa azaleratu du: administrazioa, komunitaterik gabe, ez dela gizarteko erronka nagusiei erantzuteko gai.

Duela aste bat gaurko egunez eskolan gure haurrak jasotzen genituen berriro noiz bueltatuko ziren jakin gabe. Arratsalde hartan susmoa genuen laster iritsiko zirela Italian jada aplikatzen ari ziren konfinamendu neurriak. Soilik ordu gutxi batzuk beranduago, hurrengo egunean, etxetik ez ginela aterako erabaki genuen baten batzuk, konfinatuta geratuko ginela, nolabait laster etorriko ziren neurri horiei aurreratuz. Are gehiago, konfinamendu neurriak komeni baino gehiago atzeratzen ari zirela pentsatzen genuen,  eta ez zuela ezertarako balioko etxetik ez ateratzeko gomendioak horretara behartzen ez zen bitartean, bazirelako gomendioei jaramonik egiten ez zietenak. Azken batean, denbora galtzen ari ginela pentsatzen genuen.

Egun hartan bertan, pertsona helduen beharrei erantzuteko bolodres eske hasi ziren udal batzuk, eta neurri hori herriko gazteekin hartu zuen udalik ere bazen. Erabaki horiek, alarma egoera adierazpenaren edota konfinamendu neurrien aurretik hartu ziren, eta ondoren izan dira ekimen hori edo bestelakoak burutzera gehitutako udalak.  

Izan ere, lehen ordu haietan, herritar batzuek behintzat bagenuen sentipen bat: herritarrak, eta haiekiko gertuen dauden instituzioak, gertaerei aurre hartzen ari zitzaiela, baita ondoren iritsitako neurri instituzional eta publikoei ere. Esan genezake, haien aurretik aritu zirela.

Eta ziur aski, hori izango da, beste adierazpen askorekin batera, COVID-19aren ondorioz azaleratu dena. Birus honek zalantzarik gabe zaintzaren arazoa azaleratu du – haur eta helduena -, osasun sistema publikoaren beharrarena, larritasun egoeretan interes orokorra partikularrari gailentzeko estatu botereak duen garrantziarena, emakumeekin lotura duten eta prekarizatuak dauden lanen garrantziarena – saltzaileak, zaintzaileak, etab. –, baina baita kontzeptu baten garrantziarena ere: administrazioa, komunitaterik gabe, ez dela gizarteko erronka nagusiei erantzuteko gai.

Komunitatea da gertaerei aurreratzea lortu zuena, beste instituzioetatik etor zitezkeen neurrien aurretik erantzunak emanez. Komunitatea da, bere osasuna arriskuan jarriz komunitatea bera zaintzen duena, ospitaletan, edo janari dendetan, edo garraioan, edo boluntariotzan, etab. Komunitatea da medikuei, erizainei, garbitzaileei, zaindariei, etab.-i txalotzeko ekimena martxan jarri zuena, eta oraindik ere gauero emozioz txalotzen jarraitzen duena. Eta komunitate hau bera da hunkitzen dena, komunitatean hunkitzen dena, komunitatearen beraren beharra duena. Izan ere, ezbehar honetan, komunitatea delako behar dugun segurtasuna emateko gai dena.

Horrela da. Azken urte eta hamarkadetako desafio handienetakoari erantzuna ematen ari zaiona komunitatea da. Beste garai eta testuinguruetan eskatzen zuena, eta orain erantzuten duena, komunitate bera da. Lehenago exijitzen zuena eta orain ematen duena. Komunitate bera da.

James Carvillek, 1992an Bill Clinton Etxe Zurira eraman zuen kanpainako aholkulariak, ondoren ezaguna egin den honako adierazpena sortu zuen: “Ekonomia da, ergela”. Bere helburua orduko debatea jendartearen egunerako bizitzan garrantzia zuten gaiei zuzentzea zen. Izan ere, George H.W. Bush-ek (aita) kanpo politikara bideratu nahi zuen debatea, gerra hotz edo golfo persikoko gerrara, onarpen maila altua eman zioten gaietara.  Ba orain, ia guztia indibidualizatu nahi duten joeren aurrean edo debatea nahasi nahi dutenenen aurrean, honakoa diogu: “KOMUNITATEA da, ergela!”. Komunitatea da komunitatea bera salbatzen duena.

Ez dakigu hurrengo egun eta asteetako gertaerak nolakoak izango diren. Eta egoera horrek ziurgabetasuna sortzen digu gure barruan. Baina uste dut diferentzia handia dagoela espero den krisi honen eta 2008. urteko krisiaren artean. 2008ko krisia indibidualismotik abiatzen zen, eta egoera politikoa aldatu zuten adierazpen batzuk izan ezik, gainontzekoan oinarrian ez zuen eta ez du gizartearen izaera indibidualista aldatu. Ez dakigu oraingoak aldatuko ote duen, goiz delako horretarako eta egoerak zenbat iraungo duen ere ez dakigulako. Baina badakigu dagoeneko zer aldatu duen. Eta aldatu duena komunitatean babesa eta segurtasuna bilatzeko beharra sortzea da. Eta uste dut, dagoeneko diferentzia handia dela.

“Komunitatea da, ergela!”

Sarreren nabigazioa