Modu batean ala bestean izan, helburua berdina da: iraganean bilatu etorkizunean aurkitu ezin dugun ziurtasuna. Azken batean, Zygmunt Baumanek bere hil ondorengo liburuari emandako izenburuan jasotzen dena da: Retrotopia, hau da, iraganean eraikitzea etorkizunean eraikitzea ezinezkoak diren utopiak.

Gaur egungo edozein gazteri galdetuko bagenio ea uste duen bere bizi-baldintzak bere gurasoenak baina hobeagoak izango ote diren, bere erantzuna, ia ziurtasun osoz, ezezkoa izango da, okerragoak izango direla pentsatuko du. Garai batean hurrengo belaunaldiek beti uste zuten aurrekoak baino hobeto biziko zirela. Sekuentzia logikoa zen. Horrela gertatzen zitzaigun gure gurasoekin, eta berdina gertatuko zitzaien gure gurasoei beren aurrekoekin ere. Baina ziur aski egoera aldatu da gaur egungo belaunaldientzat, orain gazteak diren belaunaldi horientzat. Belaunaldi hauen kasuan lehen aldia da eboluzio edo bilakaera naturala inbertitu egiten dela, hau da, gizateriaren aurrerapenak hobeto bizitzeko balio dutenaren logika aldatzen dela,

Zalantzazkoa eta iluna izan daitekeen etorkizun honek segurtasunak bilatzera eramaten ditu gaur egungo gizarteak, ez etorkizun etsigarri horretan, baizik eta mitifikatutako iraganean. Jendeak bizirauteko ziurtasunak behar ditu, eta behin izan zen horretan, edo ustez izandakoan bilatzen ditu. Egoera honetan aurki daitezke gaur egungo eskuin muturreko fenomenoak, tradiziozko baloreetara bueltatzen direnak: familia, arraza, ikuspegi erlijioso kontserbadoreenak, hiri kosmopolitari aurrez jartzen zaizkion landa bizitzak, etab. Azken batean, aita txuri hierarkikoak ordezkatzen duen figura horretara bueltatzea da helburua, inguruko gaizkien aurrean familia zaintzeko eta honi agintzeko eginkizuna hartzen duen aita horretara. Ziurtasuna eman asmo duen aita da hori. Familia ikuspegitik haratago gizarte, ekonomia edo politikarekin zerikusia duen ikuspegia da. 

Eta honen aurrean, iraganera doazen beste begirada batzuk ere aurkitzen ditugu. Iraultzak marrazten dizkiguten garai horiek, edo gizarte mugimenduen garaiak, edo lorpen politiko, ekonomiko eta sozialen garaiak. Gure orainarentzat berreskuratu nahi ditugun begiradak, baina batez ere aurrean dugun etorkizunarentzat berreskuratu beharrekoak.

Modu batean ala bestean izan, helburua berdina da: iraganean bilatu etorkizunean aurkitu ezin dugun ziurtasuna. Azken batean, Zygmunt Baumanek bere hil ondorengo liburuari emandako izenburuan jasotzen dena da: Retrotopia, hau da, iraganean eraikitzea etorkizunean eraikitzea ezinezkoak diren utopiak. Eta iraganera begiratzeak zer ikusi handia du identitateen eraikuntzarekin, eta honek zer garen ematen digun ziurtasunarekin. Kontua da ea denek lortzen duten identitate horiek aurkitu eta zabaltzea. Argi dago eskuin muturrak lortu duela, ¿eta besteek?

Euskal gizarteari begiratuko bagenio nekez esan dezakegu identitateak existitzen ez direnik. Gehiago oraindik esan genezake identitate horiek gure gertuko iragana baldintzatu dutela, batzuetan baita urrun sentiarazteraino ere. ¿Baina esan al genezake identitate horiek duela 40-50 urte bezala mantendu eta ulertzen direla? ¿Edo duela soilik 20-30 urte bezala? ¿Belaunaldi berriek guk bere garaian sentitu eta bizitzen genituen modu berean bizi dituzte identitate horiek?

Garai batean euskal kulturak eta identitateak garrantzitsua izan zen loratzea bizi izan zuten, Ikastolen sorkuntzan, Ez dok hamairun, Euskal Rock Erradikalean eta bestelako adierazpidetan isla izan zuena. Beharrezkoa izan zen garai hori identitatearen baieztapen gisa, bereziki galdu zen gerra zibilaren ondorioak bizi eta gero. Baina garai haietan ere izan zen bestelako identitate adierazpenik: estatuko beste tokietatik zetozen langileen identitateena hain zuzen ere. Eta azken identitate hau batzuetan mehatxu gisa bizitu zen gure herrian, eta mehatxu gisa bizitu zuten ere euskal identitatea herri honetan onartuak ez izanaren sentimendua zuten horiek, bi identitateen arteko talka areagotuz. Eta horrelakoa izan da urteetan bi identitate hauen arteko harremana, indarkeriaren testuinguruak oraindik ere gehiago zaildu duena.

Eta horrela iristen gara mende honetara. Gure kaleak ez dira jada hirugarren identitate batez betetzen ari, baizik eta mundutik datozen identitate anitzez. Eta testuinguru honetan gure gizartea lehenago aipatu dugun Retrotopia teorian bizitzeko arriskura gerturatu daiteke. Izan ere, konplexutasun eta ziurtasun gabeko garai hauetan egon daiteke loratze garai horietara bueltatu nahi duenik, bertan ziurtasuna eta beharrezkoa den identitatea aurkitu asmoz. Ziur aski izango da ere iragan hori mitifikatuko duenik, eguneratzea behar duela ahaztuz, bere garrantzia eta ekarpena kontuan hartuko duen eguneratzea. Baina iruditzen zait ziur aski gaur egun beharrezkotzat jotzen den babes eta ziurtasuna gizartearen gehiengoak uste duen horretan aurki daitekeela, hau da, soilik identitate berri baten forman eraiki daitekeela etorkizuna. Aurreko identitateen oinarri eta esentzia mantenduz, baina batzera eta gizarte kohesiora eramango gaituen identitate berria sortuz.  Azken batean, iraganeko banaketa gainditu beharra gero eta zabalduagoa dago gure gizartean, eta baita etorkizuna soilik identitate sozial partekatu baten bitartez eraiki daitekeela ere, identitate ezberdinak bere baitan hartuko dituena.

Baina badira bi galdera ziur aski erantzun beharko genituzkeenak. Lehenengoa da, ¿eta hau nola egiten da? Ba nire iritziz soilik egin daiteke eginez. Izan ere, ez baitakigu identitate partekatu hori nola izango den, identitate hori ezberdinen artean eraikitako ibilbidearen ondorioa delako. Ezberdinen arteko ibilbide horrek definitu eta emango dio forma identitate berriari. Hein batean paradigma aldaketa bat dela esan genezake, ez baitut uste identitate hori aurrez definitu edo aurreikusi dezakeen teoria edo pentsamendurik existitu daitekeenik, beste garai batean gerta zitekeen bezala.

Eta behin onartuta identitate berri hori ezberdinen artean eraikitako ibilbidearen ondorioa dela, geure buruari egin ahal diogun bigarren galdera da ¿non garatu daiteke ibilbide hori? Ba nire iritziz, tokiko esparruan, tokiko esparruak ematen duen indarrean. Joseba Sarrionaindiak zioen nazioa komunikazio espazioa dela bereziki, eta esango nuke horren adibiderik garbiena maila lokala dela. Tokiko jardunak, eta baita udalak ere, gizartearen komunikazio esparruaren adierazle nagusienak dira. Herri eta udal batzuetako esperientziak horrela adierazten du. Maila lokalean posible izan da ordura arte pentsaezinak ziren guneak sortzea, eta baita adostasun maila altuak lortzea ere, beste instituzio edo markoetan ezinezkoak izan direnak. Esate baterako, hor daude indarkeriak gure herrian utzitako ondorioen inguruan lortutako adostasunak. Egun tokiko esparruak beste marko batzuek egin ezin izan dutena eraldatzeko gai dira.

Euskal gizartea egun trantsizio une batean bizi da, markatu gaituen iragana eta eraiki nahi dugun etorkizun berriaren artekoa. Eta uste dut justuki gure iraganak emandako ikaskuntzak lagunduko digula egungo gizartearen erronka handiei erantzungo dien etorkizun berri baten eraikuntzan. Identitate sendoak behar ditugu, kohesionatuak, ez soilik aurreko belaunaldiekin identifikatzen direnak, baizik eta baita egungo gazteekin ere. Gaur egun indarra hartzen ari diren pentsamendu atzerakoien antidotoa izango den identitatea behar dugu, eta era berean etorkizuna eraikitzeko ziurtasuna ematen lagunduko diguna. Eta hori gaur egun, eta gauzak aldatzen ez diren bitartean, soilik maila lokalean egin daiteke.

Tokiko indarra ziurtasun gabeko etorkizunaren aurrean

Sarreren nabigazioa