Esan ohi da gaur egungo erakundeen erronka handienetakoa galdera egokiak topatzean dagoela. Gure erakundeak galdera iraungiei emaniko erantzunen baitan eraikiak daude, garaiak sakonki aldatu badira ere, galdera berriak egitea beharrezkoa denean.

Egungo administrazio publikoak, orokorrean, ez du jakin izan garai berrietara egokitzen. COVID garaiek gainera egitura arinagoak sortzearen beharra utzi dute agerian, egungo garaietara egokituko direnak eta herritarren beharrei erantzuteko gai izango direnak. Baina horretarako, kudeaketa hobetzea beharrezkoa da, funtzionamendua sistematizatzea, zeharkakoa bihurtzea eta administrazio osoarentzako estrategia amankomuna ezartzea.

Premiazkoa da administrazio publikoa eraldatuko duten prozesuak martxan jartzea. Berritzaileak izan ahalko dira gure politika publikoak, baina hauek aurrera eramateko beharrezkoa izango dira hori posible egingo duten erakundeak. Ez badugu administrazioa egungo mundura egokitzen zailki erantzun ahal izango zaie herritarren beharrei.